"SALVADOR DALÍ. Obra grafikoa"

Hasiera 27/03/2015 bukaera31/08/2015

SALVADOR DALÍ. OBRA GRAFIKOA

Porugaleteko Rialia Industria Museoak Salvador Dalí pintore katalanaren 32 margo-lanen erakusketa du hilabeteotan. Salvador Dalí pintura surrealistaren ordezkaririk nabarmenenetako bat dugu, agian mugimendu artistiko honetako pintorerik ezagunena, hain justu ere.

Bilduma Portugaletera heldu baino lehen Madril, Andaluzia eta Asturias autonomia erkidegoetan egon da ikusgai.

Salvador Dalí 1904ko maiatzaren 11n jaio zen Figueresen (Girona). Hamalau urte zituelarik, lehen erakusketa egin zuen Figueresen bertan, eta 1921ean San Fernandoko Arte Ederren Akademian sartu zen. Madrilgo Ikasle Egoitzan bizi izan zen sasoian, gazte-talde baten lagun egin zen, gerora intelektual eta artista ezagunak izango ziren gazteak, hain zuzen: Luis Buñuel, Federico García Lorca edo Pepín Bello, besteak beste.

Hurrengo urteetan, zinemagintza surrealistari lotutako zenbait proiektu gauzatu zituen Salvador Dalík. Horien artean aipagarrienak, Luis Buñuelekin egindakoak: Un Chien Andaluz eta L´age d´or.

Joan Miróri esker, 1930ean André Bretón buru zuen talde surrealistarekin harremanetan jarri zen. Dalíren lehendabiziko artelanek Kubismoaren, Futurismoaren eta Pintura Metafisikoaren eragina izan arren, hogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, jadanik, surrealismoan erabat murgildurik zegoen Dalí, eta margolari gisa izena egiten hasi zen.

1930eko eta 1940ko hamarkadetan, New York eta Paris artean bizi izan zen, bere emazte Elena Ivanovna Diakonova “Gala”-rekin. Naziak Frantzian sartu zirenez, Estatu Batuetara joan zen eta han 1940. urtetik 1948. urtera egon zen.

Espainiara 1948an itzuli ondoren, berriz ere Port-Lligat aukeratu zuen bizileku. 1940ko hamarkadaren bukaera aldera etapa mistiko eta nuklearrari ekin zion. Etapa horretan, erlijioarekin lotutako gaiak eta sasoi hartako aurrerapen zientifikoei buruzkoak landu zituen. Halaber, fusio eta fisio nuklearraren alorrean izandako aurrerapausoen inguruko interesa  bereziki agurtu zuen.

1958. urtetik aurrera, bestelako korronte garaikide batzuen eragina izan zuen, hala nola, Pop Art delakoarena, Informalismoarena edo Op Art delakoarena. Orobat, gai historikoetan oinarrituriko lanak ere egin zituen.

Erakusketa guztien artean, 1968an New Yorkeko MOMAn egindako “Dada-Surrealism and their Heritage” nabarmendu behar dugu; horrez gain, aipatzekoa da, 1974an Figueresen inauguratutako Dalíren Teatro-Museoa. Gala 1982an hil ostean, Dalik, depresioak jota, margotzeari utzi, eta alde batera utzi zuen ordura arteko jarduera publiko guztia. Torre Galatean, Figeresen hil zen, 1989ko urtarrilaren 23an.

Esta exposición no tiene ninguna obra asignada