"DRACULA, banpiroen printzea"

Hasiera 09/12/2014 bukaera15/03/2015

 

“DRACULA, banpiroen printzea” eta “JULES VERNE, etorkizunerako bidaia”

Lehendabiziko aldiz, Portugaleteko Rialia Industria Museoan eta Salazar dorretxean azken ehun urteetako literaturaren bi mito handiren gaineko erakusketa bana izango dugu ikusgai. Mito horiek biek XIX. mendeko Europako kondairetan dute jatorria eta hamarraldi askotan mundu osoko jendearen irudimena piztu eta asaldatu dute, asaldatu ere. Erakusgai ditugun pieza guztiak Tesoros del ayer bildumako jatorrizkoak eta berreginak dira. 

“DRACULA, BANPIROEN PRINTZEA”

Bram Stoker (1847-1912), idazlea Dublinen jaio zen. Dracula eleberria 1897. urtean argitaratuta, banpiroen kondairen aita bilakatu zitzaigun, Transilvaniako Dracula kondearen pertsonaia txundigarria sortu baitzuen.

Stokerrek historiatik hartu zuen Vlad Tepes, Valaquiako printzea, haren ankerkeriagatik enpalatzailea edo deabrua zeritzotena. Idazleak piztia odol-zurrupatzaileei buruzko ipuin eta kontakizun asko erabili zuen.

Maiz gertatu denez, zinemagintzak banpiro gupidagabea entzutetsu egin zuen mundu osoan. Christopher Lee eta Bela Lugosi aktoreen lan miresgarriak, zalantza izpirik gabe, beldurrak erakartzen dituen guztien gogoan daude gordeta. Aktoreok piztiari aurpegia ipini zioten; eta piztiak, aitzitik, ospetsu bihurtu zituen betiko. Izan ere, Dracula gehien zinemaratu duten pertsonaia literarioa dugu.

Esan bezala, Bram Stokerrek Errumania zaharreko printzeari, Vlad Tepesi, erreparatu zion. Printzea, banpiroa ez bazen ere, gertaera odoltsu bezain krudel askoren protagonista izan zen. Hura zela kausa, askok beldurra eta gorrotoa ere tamainan zioten. Orobat, enpalatzailea deitzen zioten arerioak zoruan iltzatutako zutoinetan akabatzen baitzituen.

Hiru ezaugarriri esker da Bram Stokerren eleberria izugarri, ahaztezin eta enblematikoa: historiako pertsonaia batengan oinarriturik dago, jazoerak hurbil zeuden eleberria agertu zeneko garaitik eta, azkenik, zientzia-arrazoitzez josita zetorren.

Zinemak Dracularen bertsio ederrak eman dizkigu. Halarik ere, zinemagileek nekez lortu dute islatzea Bram Stokerren Dracularen edertasun osoa, antonomasiaz baita beldurrezko istoriorik liluragarriena.

RIALIA- Industria Museoa
RIALIA- Industria Museoa
RIALIA- Industria Museoa
RIALIA- Industria Museoa
RIALIA- Industria Museoa
RIALIA- Industria Museoa
RIALIA- Industria Museoa
RIALIA- Industria Museoa
RIALIA- Industria Museoa
RIALIA- Industria Museoa
EranskinaTamaina
a3_dracula_verne_.jpg858.93 KB